Baletin Berrio-Otxoaren Ibilbidea
SAN BALENTIN BERRIO-OTXOAREN IBILBIDEA
Ibilbide honetan, Elorrioko pertsonaia ospetsuenarekin egingo duzu bidaia. Vietnam eta Filipinetaraino iritsiko zara, emozioz betetako 6 geldialditan. Bidaia zoriontsua egin munduan zehar!
1. ARRIOLA JAUREGIA – JAIOTETXEA
Balentin Berrio-Otxoa 1827ko otsailaren 14an jaio zen. Valentín Faustino de Berrio Otxoa y Aristi izena eman zioten bataioan eliz parrokian.
Juan Otxoa de Arriolak eman zuen XVII. mendearen hasierako jauregi barroko hau eraikitzeko agindua. Forjazko baranda interesgarria dauka hegal-balkoi ederrean eta familia horren armarria ikusten da.
Etxeko lehenengo solairuko balkoian, honako inskripzio hau agertzen da: “Balentin Berrio-Otxoa etxe honetan jaio zen 1827ko otsailaren 14an”. Diseinu xumea eta kalitatezko eraikuntza dira etxebizitza honen ezaugarri bereizgarriak.
IBILBIDEAREN FITXA
- Zailtasuna: Erraza
- Gaia: Erlijiosoa
- Iraupena: 120min
BERRIO-OTXOA MUSEOA
- Helbidea: Elizburu 4 – 48230 ELORRIO
- Telefonoa: 946 82 04 55 / 669378097
- Bisita gidatuak: aurretiaz eskatu behar dira telefonoz.
- Sarrera dohainik da
2. BIZILEKUA
Berrio-Otxoa etxe honetan bizi izan zen Juan Isidro Berrio-Otxoa (Elorrio, 1801) eta María Mónica Arizti (Antzuola, 1797) gurasoekin. Familia umila zen, zurginak lanbidez.
18 urte zituela, Logroñoko seminarioan sartu zen. Gutxira, hango ikasketak eten eta Elorriora itzuli behar izan zuen familiaren premia ekonomikoei aurre egiteko. Adiskideen laguntzaz, seminariora itzuli eta 1851n apaiztu zuten. Asiako misiolari izen zen eta Filipinak ezagutu zituen lehenengo eta Vietnam geroago.
Sasoi hartan, Vietnameko Tu-Duc erregeak krudelkeriaz jazartzen zituen kobazulo nahiz txaboletan izkutuan bizi ziren misiolariak, Europako gobernuekin bat eginez erresuma okupatu eta kolonizatzeko asmoa zutelako ustean.
3. SORTZEZ GARBIAREN BASILIKA
Elorrioko Basilika Bizkaiko handiena da, duen bolumenagatik, eraikuntzaren kalitate handiagatik eta barrualdeko altzari zoragarriengatik. 29 metroko edertasun arkitektoniko honen eraikuntza-lanak 1464an hasi ziren, estilo gotiko berantiarrean, eta bi mende baino gehiago behar izan zituzten amaitzeko. Kanpandorre bikaina Sevillako Giraldaren erreplika da, eta elorriarren debozioari esker eraiki ahal izan zen. Baina jarrai dezagun bidaiarekin.
Aldare-mausoleoa
Benetan merezi du aldare honen xehetasun guztiak arretaz mirestea. 1906. urtean eraiki zuten, Berrio-Otxoa, gure protagonista, dohatsu aitortu zutenean. Ikus dezakezunez, estiloak ez dauka inolako zerikusirik Basilikako gainerako altzariekin, aldarea modernoagoa eta ekialdeko inspiraziokoa delako. Aldareko mosaikoan, misiolariaren heriotza dago irudikatuta. Soilik belauniko egon zitekeen banakako kaiola txikietan giltzapetu zutela ikus daiteke bertan. Beste misiolari batzuekin batera hil zuten, Vietnamen, fede kristauari uko egin nahi izan ez ziolako.
1886ko ekainaren 7an, bere gorpua iritsi zen Bartzelonara, eta, bertan bizkaitar asko izan zituen zain. Sabino Arana bera ere han zegoen, eta inskripzio hau jartzeko eskatu zuen: “Berrio Otxoa Barzelona’ko Euzkaldunak. 1886garren urtean Bagillan”. Bertatik, Elorriora bidali zuten, eta jai handi batekin egin zioten harrera, Bizkaia osotik etorritako ordezkariak bertan zirela. Gorpuzkiak aldare honetako kutxatila nagusian gordetzen dira.
Elizaren atzeko aldera joanez gero, Berrio-Otxoaren omenezko monolito bat ikusiko duzu. Jose Luis Valenciagak brontzean egina da, Matilde Roca de Togoresen diseinuari jarraiki.
1988. urtean jarri zuten bertan, Berrio-Otxoa kanonizatu egin zutela ospatzeko, elizaren atzeko lursaila urbanizatzeko lanak egin ostean.
4. SANTA ANA KOMENTUA
Hamar urte zituenetik, Berrio-Otxoa bost urtez egon zen elizmutil, lekaimeen Santa Ana komentuan.
1699. urtean eraiki zuten komentua, eta, hasieran, honako elementu hauek zituen multzoak: eliza, komentua, gramatikarako nahiz latinerako ikasgelak (Berrio-Otxoak bertan ikasi zuen) eta kapilauentzako etxea. Gaur egun, komentuaren beheko solairuan Berrio-Otxoa Museoa dago.
Gaur egun, klausurako lekaime domingotarrak bizi dira bertan, itzel esku onekoak gozogintzan. Ezin duzu Elorriotik alde egin konbentuko mostatxoiak erosi gabe. Sabaitik zintzilik dagoen txirrinari tira eginez, “Agur Maria Sortzez Garbia” esango dizute tornoko beste aldetik, eta “Bekaturik gabe sortua” erantzutea da ohitura.
Pozaren pozez geratuko dira haien artisau-gutiziaren bat badaramazu. Mostatxoiak ez ezik, era guztietako tartak ere egiten hasi ziren duela 30 urte eta hala diraute.
Erreparatu komentuaren aurrean dagoen eskulturari. San Balentin Berrio-Otxoa bera da. 1991. urtean egin zuen Alberto Forasterrek, 1988an Berrio-Otxoa kanonizatu zutela oroitzeko.
5. BERRIO-OTXOA MUSEOA
Komentuan bertan, San Balentin Berrio-Otxoaren omenezko museoa dago, 2003an irekia. Obejetu eta dokumentuen bidez, Elorrioko ume sasoiak, Logroñoko seminarioko ikaste-garaia, Misiolari ibiliko zehetasun eta gorabeherak eta baita martirio ostean, dohatsu eta santu izendatzeko prozesuak ere.
Honako hauxe ikusi ahal izango duzu ibilbidean: agiriak, argazkiak, mapak, testu autografoak, pinturak, urregintzako piezak, ehunak eta Balentin Berrio-Otxoaren bizitzarekin eta lanarekin zuzenean lotutako zenbait gauza.
6. PILOTALEKUA
Dantzan ere abila zen arren, Balentin mutikoaren kirolik gustukoena eskupilota zen.
Orduko mutikoek bezala, pilotaleku zaharrean jokatzen zuen. Orain, bertan, hiru arku eder daude ikusgai, eta, kontrakoa ematen badu ere, ez dira harresiaren osagaiak.
Frontoi berria 1933an eraiki zuten eta elorriarrek kirol hori oso gustuko zutenez, urte horren inguruan jaiotako Errekakaleko hiru gizon hainbat liga eta kategoriatako txapeldunak izan ziren: Hilario Azkarate, Felipe Lejarazu eta Jose Antonio Alvarez.
Informazioa Zabalduz…
San Balentin Berrio-Otxoa
Biografia
Iturria: Eusko Ikaskuntza
Berrio Otxoaren Ibilbidea
Ibilbide tematikoaren planoa
Sortzez Garbiaren Basilika
Informazio gehiago
Beste proposamen batzuk…
GURUTZEEN IBILBIDEA
Elorrioko gurutzeen ibilbidea
BASILIKA
Ezagutu Sortzez Garbiaren Basilika
ARGIÑETAKO NEKROPOLIA
Bizkaiko arkeologiaren lehen mailako ondarea
IBILBIDE HERALDIKOA
Elorrioko armarrietan zehar
NEGUKO Ordutegia
Irailaren 15etik - maiatzaren 31ra
Astelehena: itxita
Asteartetik Ostiralera:
10:00 - 14:00
Larunbata eta jai egunak:
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:00
Igandea: 10:00 - 14:00
TURISMO BULEGOA
Berrio-Otxoa kalea, 1
48230 Elorrio (Bizkaia)