Gurutzeen

Bidaia

ELORRIOKO GURUTZEEN IBILBIDEA

Bederatzi gurutze daude gaur egun Elorrion. XVI. mendeko lanak dira guztiak eta Kurutziagakoa izan ezik, gotiko berantiarrekoa baita, Errenazimentuko estiloaren baitako faseen erakusgarri dira.
Horietako batzuk, Kurutzebarri, Kurutzondo, Ganondo eta Txanberikoa, esate baterako, herrigunetik irteten diren bideetan daude, eta landa-ingurunearekiko mugak ezartzen dituzte; Santa Ana, Kurutziaga eta San Juangoa, berriz, antzinako aldirietan zeuden, baina gaur egun hirigunean txertatuta gelditu dira erabat.
Mugarri urbanistiko horiek litekeena da erreferentzia gisa erabili izana, garai batean, izurria zabalduz gero osasun zerrenda bat ezartzeko. Alabaina, debozio-irudi eliztarren euskarri izan ziren batez ere, eta haiei gomendatzen zitzaizkien bidaiariak, harresiaren esparruak ematen zuen babesetik irteten zirenean.

Berreskuratutako ondarea

XVIII. mendeaz geroztiko agiriek ematen dute gurutzeen egoera kaskarraren berri, haien izaera kontuan hartuta eguraldi txarraren eraginpean baitaude. Zenbait deskribapenek, halaber, desagertutzat eman zuten Kurutzebarriko gurutzea, baina, 1957. urteko esku-hartze bati esker, zati bat berreskuratu ahal izan zen. Gurutze guztiak 1983. eta 1984. urteetan konpondu ziren. Azkenik, 2009. eta 2016. urteen bitartean ere zaharberritze-lan gehiago egin dira, eta, horiei esker, sendotu, garbitu eta kontserbatu egin dira gurutzeak.

Multzo paregabea

Elorrioko gurutze multzoa Euskal Herriko ugariena da gaur egun. Euskal Autonomia Erkidegoko inbentarioan bilduta dauden gurutzeen ehuneko hamar osatzen du multzoak. Bretainian dauden zenbait multzo bezain monumentalak ez badira ere, ezta galiziar gurutze ospetsuak bezain ugariak ere, horietako gehienak baino zaharragoak dira. Zenbaitek, besteak beste, Kurutziagakoak, Santa Anakoak edo Iguriakoak, kalitatea bikaina dute, eta, sailaren jarraitasunari esker, multzo bikaina osatzen dute, bai eta XVI. mendeko eskulturaren bilakaera ezagutzeko ibilbide interesgarria ere.

IBILBIDEAREN FITXA

  • Zailtasuna: Erraza
  • Iraupena: egun erdia

KREDITUAK:

Argazkiak: Santi Yaniz Aramendia
Testua: Jesús Muñiz Petralanda

Elorrio Gurutzeen Bidaia Vente de crucero

KURUTZIAGAKO GURUTZEA

Kanpokale 8

Susoko aldirian kokatua, mahatsondoz apaindutako ardatz baten gainean jasotzen da gurutze hau, eta mahatsondo horien artean hegaztiak eta munstroak tartekatzen dira, ongiaren eta gaizkiaren arteko borrokaren erakusgarri bikaina. 1522. urtekoa da, danborraren oinarriko idazkunean adierazten denaren arabera: Esta obra ma[n]do hazer Ju[a]n[e]s de Elguetaquesancta gl[or]ia aya. Hizo el año de milldXXll. Haren gainean hainbat santu jagole agertzen dira, horma-hobietan sartuta: San Pedro, San Andres, San Joan Bataiatzailea, Santa Marina, Santa Katalina Alexandriakoa eta Santiago erromesa.

Gurutzearen aurrealdean, Kristo Gurutziltzatua ikusten da, hilzorian, buruan arantza-koroa duela eta gona motz batez jantzia. Atzealdean, Ama Birjinak Haurtxoa du aldakan eutsia, eta samurtasunez igurzten dio oinatxoa. 

SANTA ANAKO GURUTZEA

Izen bereko komentuaren parean kokatua, euskarri ildoxkatua du –behin baino gehiagotan berritua–, bai eta danbor biribil ikusgarria ere, lau ebanjelariak irudikatzen dituena (San Lukas, San Joan, San Mateo eta San Markos), latindar elizaren aitekin batera (San Jeronimo, San Gregorio Handia, San Agustin eta San Anbrosio).
Danborraren azpiko idazkuna (…obra hizo Juan Miguel de Ossa, año de…) osatu gabe dago; beraz, ez dugu zehazki lanaren data ezagutzen, nahiz eta, irudien estilo adierazkor eta dinamikoaren arabera, 1550 ingurukoa bide den.
Gainaldeko Gurutziltzatuak Kurutziagakoak baino anatomia garatuagoa du, eta ez da hura bezain zurruna; atzealdean, berriz, Mariaren irudi dramatikoa dago, Jesusen hilotzari eusten.

KURUTZEBARRIKO GURUTZEA

San Agustingo elizaraino eramaten duen galtzadaren alboan dago. Gurutzea oso hondatuta dago: Gurutziltzatuak zein Pietateak burua eta gorputz adarren puskak falta dituzte, baina Pietatearen oinean aingeru irudi ederra ikus daiteke oraindik ere.
Santa Anakoaren antzeko estiloa du, baina honako honek euskarri monumentala du, eta apaingarri gisa zintzilik dauden oihalak, kutxa maskordunak eta aingerutxo hegodunen buruak lehen Errenazimentuko osagaiak dira guztiak, hau da, 1550. urte ingurukoak.

GANONDOKO GURUTZEA

Fuste leuneko gurutze soila da, eta Argiñetako baselizara eramaten duen bidearen alboan dago kokatua. Kristoren irudia jatorrizkoaren kopia da, 1984an egindako zaharberritze lanetan egindakoa. Ezkerraldera mugituta dauka aldaka, eta bertan korapilatzen da, begizta handi batez, araztasun zapia. Kapitel baten gainean dago irudia, eta kapiteleko lau aldeak masail mardul eta hego laburreko aingeruen buru ederrez daude apainduta; gai hori ohikoa da lehen Errenazimentuan. 1540. eta 1560. urteen bitartekoa izan liteke.

SANTA ELENAKO GURUTZEA

Hilerriaren atzealdean dago Santa Elenako gurutzea. Tetramorfosarekin apaindutako kapitel batean amaitzen da zutabea, hau da, lau ebanjelarien alegoriekin: San Joanen arranoa, San Mateoren aingerua, San Lukasen zezena eta San Markosen lehoia; oihalezko zerrenda batzuetan ageriko ziren horien izenak. Aingeruaren dinamismoa nabarmentzen da guztietan.
Gurutziltzatuak Santa Anakoa ekartzen du gogora, jarrerari erreparatuz gero, baina Ganondokoaren antzeko zapi bat du lotuta. 1560. urte inguruko lana da.

IGURIAKO GURUTZEA

Kanpazarko gainera eramaten duen saihesbidearekin bat egiten duen lotunetik hurbil dago. Besoetan tamaina handiko bolutak daude erantsita, eta danbor hexagonal bat du, liburuak, lumak edo filakteriak dituzten lau ebanjelarien irudiekin; horien alboan bi irudi daude, San Paulorena, ezpata handi batekin, eta San Pedrorena, oso hondatua eta itxuraz giltza handi bat daramana.
Gurutziltzatua anatomia ahaltsuko irudia da, eta toles malguko oihal bat du jantzita; keinu abaildua du, eta horren alboan, Jesusen irudi kementsua ageri da, Ama Birjinak adeitasunez heldua. 1550-1560 bitartekoa dela esan liteke.

SAN JOANGO GURUTZEA

San Joan edo Saldosin aldirian jarri zen gurutze hau. Fuste leuna du, toskanar kapitel soil batek azkendua.
Gurutziltzatuaren anatomia garatua, besagainen tortsioa, eskuen tamaina gehiegizkoa edota araztasun zapiaren lodiera Erromanismoaren berezko ezaugarriak dira, hau da, Errenazimentuaren bigarren aldikoak. Estilo berekoak dira atzealdeko irudiak ere, kanon laburreko Ama Birjina eta Jesus Haurtxoa oso sendoa eta ile kizkurduna. 1560-1570 ingurukoa da multzo osoa.

TXANBERIKO GURUTZEA

Elgetara daraman errepidearen ezkerrera ikus daiteke. XX. mendearen hasierarako galdua zuen danbor kubiko ia osoa, Kurutzondoko gurutzekoaren oso antzekoa, eta, atzealdean, Haurra zaintzen duen Ama Birjinaren irudia ere oso kaltetuta dago. Beste gurutze batzuetan gertatu bezala, Gurutziltzatuak aurreratua du eskuineko belauna eta burua ere alde horretarantz makurtzen du, neke keinua adieraziz. Oihala begizta ikusgarri batekin biltzen du, ezkerreko aldakan. 1570. urtearen ingurukoa da.

KURUTZONDOKO GURUTZEA

Herrigunetik Berrizerako irteeraren alboan dago, eta gaur egun irudirik ez duen gurutze bakarra da. Fustearen soiltasunak joniar kapital eder bat dakar ondoren, kiribilean dauden bolutez eta alde banatara balaustradun profileko kojinetez apaindua; horiek, aldi berean, akanto hostoz bilduta daude. Horren aldean, korapilo kubikoak ebanjelarien behe-erliebe zakarrak erakusten ditu, idazmahaien aurrean eserita eta dagozkien irudikapen sinbolikoez lagunduta. 1570. urte ingurukoa bide da.

elorria

Informazioa Zabalduz…

Elorrioko Planoa

Monumentu multzoa

Gurutzeen Bidaia

Ibilbidearen mapa

Audiogida Zerbitzua

Alde Zaharretik ibilbidea zure kaxa egiteko

Elorrio

Beste proposamen batzuk…

BISITA GIDATUA

Elorrioko kaleak sakonki ezagutzeko bisita gidatua

Bisita gidatuak Elorrio Visitas guiadas

BERRIO-OTXOA IBILDIDEA

Berrio-Otxoako San Balentineri buruzko ibilbidea Elorrion zehar

BASILIKA

Ezagutu ezazu Sortzez Garbiaren Basilika

ARGIÑETAKO NEKROPOLIA

Euskal Herriko Erdi Aroko hilobi-multzo garrantzitsuena.

elorria
logo-elorrio-turismo

NEGUKO Ordutegia

Irailaren 15etik - maiatzaren 31ra

Astelehena: itxita
Asteartetik Ostiralera:
10:00 - 14:00
Larunbata eta jai egunak:
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:00
Igandea: 10:00 - 14:00

TURISMO BULEGOA

Berrio-Otxoa kalea, 1
48230 Elorrio (Bizkaia)

SARE SOZIALAK

Turismo Etikoa Euskadi
×