Arrazolako
Bide Berdea
Anbotoren begiradapean,
Atxondoko bailara magikoan zehar.
Arrazolako meatzaritzako tren zaharra, “Aurrera” lurrunezko tren-makina aurrean zeramala, Arrazola ibaiko ibar lasaian behera jaisten zen, Apatamonasterio erdiguneraino.
Gaur egun, bide berdeari esker, iparraldetik hegoaldera zeharkatu dezakegu Atxondoko bailara ederra, eta Anbotoren magalera iritsi arte. Mendi hori da, hain zuzen ere, Urkiolako Parke Natural menditsuko gailur gorena, bai eta Mari euskal jainkosaren bizilekua ere.
5 kilometro luze inguru dituen bidea da, ez oso maldatsua, eta baserriak, paisaia ederrak eta Arratia ibaia ditu inguruan, Errotabarriko meategietaraino doan trenbide zaharraren ibilbidea jarraituz.
IBILBIDEA
Hobe da ibilgailua Apatamonasterion aparkatzea eta Arrazolako bide berdea oinez egitea. Apatamonasterio BI-4332 errepideko zeharbidetik gurutzatzean, udaletxea, San Pedro eliza eta pilotalekua ikusiko ditugu eskuinetara. Ezkerretara, ordea, zuhaitz mardul bat duen plazatxoa dago, pilotalekuaren aurrean.
Ziarreta kalea plazatxo horretan hasi eta atsedenlekuraino iristen da. Bertan, eserlekuak, zirkuitu bio osasungarria eta iturria daude, Arrazola ibaia estaltzen duten intxaurrondoek, haltzek, astigarrek eta lizarrek osatutako galeria itzaltsuaren bazterrean. Hor hasten da Arrazolako bide berdea.
Atsedenlekutik, hormigoizko zubiak ibaia gurutzatzen du, eta urei eusten dien presak eta Erdi Aroko trazadun zubi makotuak osatutako estanpa zoragarria eskaintzen digu. Ibaiaren beste bazterrean, zenbait bide jaiotzen dira: ezkerretara, ibilbide luze moduan (GR) balizatutako bidea dago, eta, aurrez aurre, trenbide zaharraren aztarna artez bezain lau marrazten da, zelai berdeen artean.
Berriro ere, bideak ibaiarekin bat egiten du zati horretan, harik eta “landare-tuneletik” irten eta ezkerretara bat-batean agertzen den magal menditsura hurbildu arte.
IBILBIDEAREN FITXA
- Zailtasuna: Erraza
- Gehieneko altitudea: 206 m
- Gutxieneko altitudea: 165 m
- Tunela: 120 m
DISTANTZIAK
- Elorrio Apatamonasterio: 4 km
- Arrazolako Bide Berdearen hasieraraino: 4,1 km
- Arrazolako Bide Berdearen bukaeraraino: 9,1 km
MARZANA AUZOA
0,8. kilometroan, astigar zuri garaiek bidea nabarmendu eta gerizpetu egiten dute, eta Marza edo Marzana hurbil dagoela iragartzen digute. Atxondoko auzo paregabeenean, eremu zabal handia dago ezki handien itzalpean, eta San Martin eliza, zenbait baserri eta XVI. mendeko dorre errenazentista ditu inguruan. Bertan, egarria asetzeko iturri dotorea ere badago.
Benetan merezi du auzotik osteratxoa emateak eta bertako ondare zahar bezain babesaz zein Etxezarra baserriaz gozatzeak. Bertako ate gotikoa, gainera, Marzana dorrekoa da jatorriz. Trenbideari dagokionez, muinoan gora irekitako zamatzeko tokia egon zen Marzanan.
Marzana atzean uztean, Arrazolako bide berdeak BI-4332 errepidea gurutzatzen du sestran; sega-belardi berdeen artean aurrera egin eta atsedenleku bat uzten du albo batera (1,3. km). Bertan, komunak, piknik-mahaiak eta jolasak daude, eta ziur txikienen gustukoak izango direla.
Ibaia eta zuhaizdun ubera freskoa bigarren aldiz gurutzatu ondoren (1,6. km), Arrazolako bailara zabala estutu egiten da. Mehargunetik irtetean (2,1. km), bailara berde bezain zabala agertzen da berriro, baina, oraingoan, Memaia zuhaiztiak eta Anbotoko kareharrizko gailurreriak inguratutako harrizko baserriak ikusiko ditugu.
AXPE
Segidan, bidea lubeta makurraren gainetik goratu, eta bailaran kokatutako Axpe hirigunetik datorren errekako ibarbidea gurutzatzen du. Lubeta, trenari bidea lautzeko egindako goragune artifiziosoa, bailara begiztatzeko begiratoki paregabea da. Ibarbidea zeharkatutakoan, burdinazko plataformak Axperako errepidea gurutzatzen du sestran.
Errepide horretatik (ezkerretara) badago baselizara eta Santiago auzora hurbiltzerik. Bertan dauden jatetxeak euskal gastronomiaren ospearen erakusgarri ezin hobeak dira, gainera.
ARRAZOLA
Aldaparen ostean, bide berdea lautu egiten da eskuineko magal menditsuan, ibaiaren ezkerreko bazterretik altuera jakin batera. Tarte horretan, baserri sakabanatuz betetako bailarako bista zabala miretsi, eta bidea zehazten duten hurritzen, haritzen, pinuen, gaztainondoen eta haltzen gerizpeaz ere gozatu ahal izango dugu. Ibiltoki goratuak lubeta garai bezain luzean egiten du aurrera, eta BI-4332 errepideko pasabidean amaitzen da (3. km), Arrazolako erdigunean bertan.
Goiko pasabidean, iturri ezin egokiagoan ase ahal izango dugu egarria, San Migel kanpandorrea edota Urrutia baserria (XVI. mendea) miresteko begiratoki apartean. Baserri hori, hain zuzen ere, Bizkaiko zaharrenetakoa da, jatorri gotiko-errenazentista duela kontuan hartzen badugu.
Era berean, Anboton malkartsuena den ekialdeko isurialdearen handitasuna miresteko lekurik aproposena ere bada. Hortxe bertan dago “Anbotoko Mariren” edo Anbotoko Damaren haitzuloa. Euskal mitologiako jainkosa hori Ama Lurraren pertsonifikazioa da.
SAN ROKE BASELIZA
Bideak Arrazolako hirigunea inguratzen du. Magal menditsuaren goiko aldean dago, oraindik bere makinak dituen Ibarra errotaren (XVIII. mendea) eta dorrearen gainean. Gero, agur esaten dio herriari, fruta-arbola ikusgarrien artean, eta Ollargane baserria uzten du albo batera. Baserri horren fatxadan, Pedro de Albayalderen izena eta 1519. urtea agertzen dira, eta harrian inskribatutako Bizkaiko data zaharrena da.
Bide-zati horren amaieran, burdinazko plataformak Arrazola ibaia gurutzatzen du berriro, eta ehun urtetik gorako astigar zuri garaien gerizpean dagoen San Roke baselizara iristen da (4,5. km). Eserlekuak, iturria eta aparkaleku zabala daude baselizaren ondoan.
Baselizatik, argi eta garbi ikusten da “Bentanetako begia”, hau da, urak Anbotoko kareharrian egindako zulogune karstikoa. Ezkutatzear dagoenean, eguzkiak Atxondori azken izpia oparitzen omen dio zulo horretatik.
Ibilbidearen amaierara iristean, tarte malkartsuena aurkituko dugu. San Roke baselizatik aurrera, bide berdea bete-betean sartzen da honako hauexen artean: Anbotorantz igotzen diren larreak eta ibiltariari gerizpea ematen dioten lizarrek, akaziek, haltzek, urkiek, pinuek eta intxaurrondoek osatutako zuhaizti hostotsuak estaltzen duen magal menditsua.
Hain eremu txikian, bide berdeak eta ibaiko ur-laster gardenak bat egiten dute, harik eta Errotabarri edo El Tope geltokira iritsi arte (5. km). Inguruan, kiskalketa labeen eta meatzarien herrixka txikiaren aztarnak daude ikusgai.
Geltoki zaharraren aurriak zeuden lekuan komunak, piknik-mahaiak eta iturridun atsedenlekua daude gaur egun.
Kuriosoenek badute oinez egin beharreko txangoa baso-bidetik luzatzerik. Izan ere, Arrazolako trokan are gehiago barruratzen denez, kilometro erdi gorago badago 1920ra arte burdina eta kobrea eman zituzten meategiak ikusterik.
Informazioa Zabalduz…
Beste proposamen batzuk…
TRENBIDEAREN NATURBIDEA
Elorrioko trenbide zaharraren bidea
BESAIDE
Hiru lurralde historikoak elkartzen diren puntua
NATURBIDEAK
Elorrioko auzoak oinez ezagutzeko ibilbideak
ELORRIOKO MENDIAK
Intxorta, Udalatx eta Erdella
NEGUKO Ordutegia
Irailaren 15etik - maiatzaren 31ra
Astelehena: itxita
Asteartetik Ostiralera:
10:00 - 14:00
Larunbata eta jai egunak:
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:00
Igandea: 10:00 - 14:00
TURISMO BULEGOA
Berrio-Otxoa kalea, 1
48230 Elorrio (Bizkaia)